Getxoko Ikasle Abertzaleak
Ikasle Abertzaleak Euskal Herriko ikasle mugimendua da, ikasleon eskubideak defendatu, aldarrikatu eta borrokatzen dituenak.
Borroka heziak gara, 20 urteetako etenik gabeko borrokak heziak. Ikasgelak, korridoreak, patioak, kanpusak, denak gure lubaki bilakatu ditugu urte hauetan zehar, eta lubaki horietan egindako lanak egin gaitu garen bezala. Ikasleon berezko iraultzarako sena eta borrokarako freskotasuna, 20 urteetako esperientziarekin nahastu dira eta nahasketa horren ondorioa gara ikasle eta abertzaleak. Nahasketa horretan ernaldutako haziak gara, iraultzarako prest gauden haziak eta hazi guztiak bezala helburu batekin haziko gara, Euskal Eskola Nazionala.
Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa behar du, dituen erronka sozial, kultural eta ekonomikoei aurre egin ahal izateko. Gainera, herri bezala dagokigun eskubidea da. Euskal Herriak ondo daki hizkuntzarena aldarrikapen historiko bezain beharrezkoa dela herri honen biziraupenean. Euskal herritarron hizkuntza, euskara, eskolaren bidez transminitu behar da belaunaldi berriei, bidean galdu ez dadin eta gure eskubidea dena bermatu dadin.Eskolak euskaldundu behar du eta argi dago azken epealdian Isabel Celaak eta Alberto Catalanek martxan jarritako trilinguismoa ez duela laguntzen, euskara gehiago zapaltzeko, hau da, euskararen kontrako erasoa.
Horren aurrean, ikasle abertzaleok erreferentzia gara ikasleontzat, gu gara edonolako zapalkuntzaren aurrean jeiki eta beste ikasleria fomatu eta kontzientziatzen dugunok. Gu gara euskararekiko maitasuna zabaltzen dugunok, gu gara euskaldunak eta euskararen erabilera egokia bultzatzen dugunok. Gu gara ikastetxe ezberdinetan euskara maila egokia exijitzen dugunok, gu gara eskolak euskalduntzearen aldeko borrokan parte hartzen dugunok.
uribekosta@ikasleabertzaleak.org
