Joan den larunbat goizean irten ziren Algortatik mendizale txiki eta handiak. Eguzkipean luzaroan ibili ondoren musikarako tartea ere egon zen, batzuek besteek baino nekatuago amaitu zuten eguna.
Aldain, Malakaten eta Telletxen
Astelehenean Algortako Aldai Patronatuan paratu genuen 30 eragileon erakusketa. Ostiral arrastian Malakate aldera eraman zuten. Larunbatean goizetik aurrera Telletxen izan zen, denon eskura. Oraindik ez duzu ikusi? Gaur Portuzaharrean dago, eta bihartik aurrera Aixerrota institutura doa, hurrengo asteburura arte.
Eskerrik asko montaketa eta zaintza lanetan ibili zareten guztioi, zuek barik ez dago sarerik!
Txalaparta bizirik dago
Goi-mailako hitzaldia izan genuen, benetan, Santa Eugenia kultur etxean. Iker Diazek txalapartari buruz hitz egiteko, botanikaz, akustikaz, fisikaz, historiaz eta antropologiaz hitz egin zigun. Hogei urte daramatza txalapartak egiten, jotzen eta irakasten, eta igartzen zaio badakiela ondo zertaz ari den.
Zertzelada hauek jaso genituen:
- Txalaparta bizirik dago, egurra bizirik dagoelako.
- Zaharrek gauez jotzen zuten, eta beti inprobisatzen.
- Zaharrentzat txalaparta berria trena da.
- Nondik dator hitza? Txalaparta, zalaparta, zaldi-hotsa?
- Txalaparta berria jaio zen ttakuna eta herrena apurtu ziren momentuan bertan.
- Akustika eta botanika: ez dago egur txarrik txalaparta jotzeko.
- Probatu, probatu eta probatu egin behar da, dena probatu.
Eskerrik asko Iker eta Uktesteko lagunei, plazera izan da, benetan!
Indioz bete zaigu patioa
Indio izateko ez da zaldirik behar. Luma dotoreak eta jolasteko gogoa, horixe baino ez. Beheko suaren ondoan apatx egin eta kantuan hasi ziren Zabalako patioko indio txikiak eta nagusiak. Xirula-mirula elkarteko txamanek musika ipini zuten, Kris indioen jefeak denak ipini zituen saltoka eta dantzan. Hura bai giroa!
Bertso-saio didaktikoak
Bertso-eskola itzela dugu Algortakoa. Jende gaztea batez ere dabil horretan, bertsoa maite duena. Eta horixe izan da gehien nabaritu duguna asteartetik ostegunera Romo eta Algortan egindako zazpi saioetan, transmititzen duten maitasuna, hizkuntzarekin jolasteko gogoa, erakusteko gaitasuna, bertsolari onak izateaz gain bertso-irakasle hobeak dira gure herriko eskolakoak.
Saio hauetara herriko hiru euskaltegietako ikasleak hurbildu dira batik bat. Askoren iritziz aspaldiko partez klasetik kanpo egin dugun saiorik politena izan da. Zorionak zuei, ALBEko lagunei, eta bereziki Nahikariri, egindako lanak merezi izan du.
Hizkuntza-eskubideak
Paul Bilbao algortarra da eta orain arte Hizkuntz Eskubideen Behatokian ibili da lanean. Gutxi barru Kontseiluako burua izango da, Xabier Mendigurenen ordez.
Berak oso modu argigarrian azaldu zigun zer diren hizkuntza-eskubideak, nola gauzatzen diren munduko hainbat lekutan, eta zein egoera dugun Euskal Herrian. Adibidez, gauza batez ohartarazi zigun: gure hizkuntza-eskubideak berezkoak ditugu, nahiz eta legeak kasu batzuetan ez aitortu. Beste ideia garrantzitsu bat hauxe izan zen: eremu pribatuan ere hizkuntza-eskubideak dauzkagu, eta aldarrikatu egin behar ditugu. Laburbilduz, edozein euskaldunek entzun beharreko hitzaldia, benetan!
Hizkera ez sexista
Hitzaldia baino gehiago tailerra izan zen. Getxoko bilgune feministako kideek gidatu zuten solasaldia hainbat ariketaren bitartez. Gaiaren inguruan denok hausnartu genuen, orain da garaia egunerokoan ideia hauek martxan jartzeko.
Erakusketa herrian zehar
Sarea jostenen oinarrietako bat erakusketa da. Getxoko herriari kontatu nahi diogu nortzuk garen, zer egiten dugun eta zergatik josi gura dugun sarea; euskaldunak garelako eta gure hizkuntzan bizi nahi dugulako gaude hemen.
Txorimalo gaztetxean apirilaren 10ean izan ginen, 4. urteurrenarekin batera hainbat jarduera antolatu zuten bertan. Hurrengo egunean kirol-portura gerturatu ginen, eta bertan ere hainbatek izan zuen gure berri.
Sarea josten martxan da!
Sarea josten ekimenaz berba eta berba egin dugu, bileretan, patioan, taberna-giroan, kalean, emailez… Zergatik egiten dugun, nortzuk garen, jarduerak zeintzuk izango diren, honetaz guztiaz webgunean honetan azalpenak topatuko dituzue. Guk bakarrik gogorarazi nahi dizuegu bihar, apirilaren 9an, martxan ipiniko direla Getxoko jostorratzak. Ea elkar ikusten dugun asteburuan, bestela, datorren astean gehiago!
Apirilak 9, ostirala, 21:30ean Txorimalo gaztetxean: antzezlana + folk jaialdia.
Apirilak 10, larunbata, Txorimalo gaztetxean: sarea josten erakusketa egun osoan zehar.
Apirilak 11, igandea, kirol-portuan: sarea josten erakusketa egun osoan zehar.
Martxoaren 11: bigarren bilera
Atzo egin genuen bileran ekimenaren inguruko informazio guztia eman genuen. Bertan, zalantza eta galdera guztiak argitu genituen. Badugu lanik datozen asteetan, baina poz-pozik gabiltza!






















